Albisteak

 

Manu Leguineche, Belendiz, Arratzuko kazetari ezaguna goian bego. Udalak eta bere sorterriko herriak familiari doluminak ematen dizkiete, biziki sentituz arratzuarren bihotzetan utziko duen gabezia.

Arratzutik, 2008an berarekin bizitako momentu hunkigarriak gogoratu nahi ditugu, seme kuttun izendatu eta herriko harmarri eta aginte makila eman genizkionean, arratzuarrak Birhuegara, Guadalajarara, eginiko ibilaldian, Manu Leguineche bizi zen tokira. Bere burua gizon xumetzat zuen, bere lurrari atxikia eta bere lagunen laguna zela.

Leguineche, bidaiaria eta ameslaria, kazetari on bat bilakatzearen ametsa bete zuen. Arima geldiezina, bere bizitzan zehar, bere erreportaje grafikoen bitartez herrialde urrunak eta exotikoen ibilerak erakutsi zizkigun, bizipen eta istorioetaz gain, bere irakurleen gozamenerako idazten zituenak. Gertutik bizi izan zituen   Aljeria, India, Pakistan, Vietnam, Korea, Libano, Afganistan  eta Nikaraguako gerra-gatazkak, erreportari ausarta, ume eta gaztetatik benetako bokazioarekin, bere sorterriko Belendizen itxaropenak piztu zitzaizkionetik.

Colpisa eta Fax Press agentzien sortzailea, hedabide askotan kolaborazioak egin zituen eta gerra korrespontsal ezin hobea izan zen. 

Bere ibilera profesionalean sari andana jaso zituen egindako kazetari lanengatik. 2007an Euskal Kazetaritzaren saria jaso zuen, 2008an Euskadi Literatur Saria eman zioten, "EL club de los faltos de cariño" liburuagatik, urte berean Bizkaiko Foru Aldundiak "Bizkaitar Argia" izendatu zuen eta estatu mailako beste hainbat sari jaso izan zituen.

Arratzun gure auzotar abenturazaleaz gogoratuko gara beti, egun batean Belendiz utzi eta kazetari onena izateko ametsa lortu zuela.