Albisteak

 

Herriko kudeaketa iraunkorraren barne, Arratzuko Udalak herriko saneamendu sarea barritzeko eta gaurkotzeko lan dinamikoa burutzen dau. Honen bitartez, herritarrei eskeinitako zerbitzuak hobetu eta ur kalidadea berreskuratu eta babestea da asmoa. Helburu honegaz be eta uholdeak saihesteko, euri-urak batzeko azpiegiturak barriztu dauz eta euriteek eragindako kalteak prebenitzeko ibaien arro eta ertzetan lanak burutu dauz.

Arratzuko Udalak, nahi duen herri iraunkorraren eredua jarraituz, kudeaketa esfortzu handia burutu dau herriko auzo ezberdinetan saneamendu sarea hobetzeko. Lanak Uarka, Barrutia eta Gorozikan burutu dira. Uarka auzoan bigarren mailako saneamendu sarea egokitzeko eta etxeetako ur-zikinak batzeko lanak burutu dira, azken hauek Uarkatik Gautegiz Arteaga-Gernika Saneamendu Kolektore Orokorrara eramateko. 
Barrutia auzoan ibaira egiten ziren isurketak saihesteko lanak burutu dira, ingurumen kalidadea hobetuz: uran eta inguruan be. Gainera, herritarrei eskeinitako zerbitzua hobetu egiten da, azpiegitura barriari esker. Olesko-Barrutia bigarren mailako sarean burutu dira lanak.

Gainera, Gorozikan kolektore barria egin da Gautegiz Arteaga-Gernika kolektore nagusiagaz lotzeko eta urak HUAra (Hondakin Uren Araztegira) bideratzeko. Kanalizazio hau herriko topografiara egokitu da. Honeri esker Gorozika-Iberluz sortutako isurketak Saneamendu Kolektorera eramaten dira.

Burututako saneamendu lanei esker Arratzuko auzoen hondakin-urak batzen dira:  Loiola, Zabala-Belendiz, Barrueta, Eleixalde, Gorozika eta Uarka-Monte.
Inbertsioak 300.000€tik gorakoak izan dira. Horretarako, Arratzuko Udalak diru-laguntzak kudeatu dauz Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz.

Arratzuko Udalak herriko saneamendu sarea gaurkotzeko lanekaz jarraitzeko asmoa du, " Arratzun hiri edo herri onenen pareko bizi kalitatea bermatzeko herritarrei zerbitzuak eskeintzea da geure betebeharra. Eta saneamendua lehentasuna da. Funtsezkoa da, Arratzuko inguru naturala kontutan hartuz. Kudeaketa iraunkorraren alde egiten dogu sendotasunez. Geure helburua erantzukizunez haztea da, ingurugiroa errespetatuz, geure seme-alaben etorkizuna hipotekatu barik. Horretarako, geure ibai eta errekak garbi eta osasuntsu mantentzea lehentasunezkoa da", adierazi dau Arratzuko Alkateak, Josu Olanok.

Uholdeak prebenitu.
Arratzuko Udalak, segurtasuna bermatzeko arduratuta eta euriteek uholde, gainezkatze edota lur-jausien arazoak ekiditzeko asmoz, euri-urak batzeko eta azpiegiturak sendotzeko lan handia burutu dau.

Besteak beste, Golako errekaren ertzak eta ubideak konpondu dauz, BI-2238 errepidearen inguruan, saihesbiderako errotondaren sarbidetik hur, Gernikatik Lekeitiorako irteeran.  Lanetan harri-lubeta eraiki da etorkizunean lur-jausiak saihesteko eta sedimentuak kendu dira, errekaren edukiera berreskuratzeko eta etorkizunean ura gainezka egitea saihesteko. Zehazki, Golako errekaren ertz bietan harri-lubeta jarri da lurrak eusteko, 1,80 metroko altuerakoa eta 5m luzerakoa. Barrutiako Tabernabarri-Zubitzaurren be lanak burutu dira. Lan hauek burutzeko Arratzuko Udalak 114.000€ inbertitu dauz.

Uarka auzoan honako hobetze lanak egin dira: Zubialdeko horma handitu, 800 metroko euri-uren hoditeri barria egin, ildo-bizkarra ezarri Arrandietan,  euri-urak batu eta hormigoizko areka bat eraiki Monte-Motxobegoikoan. Zabala-Belendizen be lanak burutu dira: areazko iragazketarako azpiegitura ezarri eta hoditeria aldatu da Zabaltxun eta areazko iragazketarako azpiegitura ezarri eta hormigoizko areka bat eraiki da Kurtzeron. Gainera, euri-urak batzeko lanak burutu dira, hormigoizko areka bat eraiki eta hoditeria ezarri da Barroetabekoan. 
Lan hauek burutzeko inbertsioa, ustekabeko partidaren barne, 60.000€koa izan da.