Albisteak

 
Igaro den eguenean, martxoaren 31an, ospatutako Arratzuko Udalaren Osoko Bilkurak 2016erako udal aurrekontuaren hasierako onespena onartu du, 740.387€tako zenbatekoan. Herritarrei zerbitzuak bermatzeko, herriko irisgarritasuna eta komunikazioa hobetzeko eta enplegua, etxebizitza eta herriko ongizatea eskaintzeko helburuarekin, erantzukizun eta arrazionalizazio irizpideetan oinarritu da udal aurrekontua. Arratzuko Udalak herriko gaur egungo eta etorkizuneko beharrizanei egokitutako aurrekontua prestatu du, herriko garapen ekonomikoa hobetzearen alde eginez. Izan ere, Loiola auzoan kokatutako Landa Elkartegiaren bigarren fasea bezalako proiektu estrategikoa agertzen da aurten aurrekontuan. Enpresa-mintegi honen bigarren faserako aurrekontu-saila 145.381€koa da. "Herriko Elkartegia enpresa ekimenak hartzeko eta enplegu aukerak sortzeko diseinatu eta sortu dugu; hauxe da, izan ere, legislaturaren helburuetariko bat. Bestalde, Elkartegiak tokiko garapen ekonomiko iraunkorra hobetzeko aukerak sortuko ditu", aipatzen du Arratzuko Alkateak, Josu Olanok. Elkartegiaren irisgarritasuna hobetzeko, 2016erako aurrekontuan 15.000€ko inbertsioa zuzendu da, aparkalekutik elkartegira dihoan oinezkoen pasarela eraikitzeko. Aurrekontuan 54.217€ko inbertsio garrantzisua dago Arratzun zuntz optikoaren instalazioa hobetzeko, herriko komunikazioak hobetu eta bai enpresa baita auzokideei ere interneteko sarbidea errazteko; zuntz optikoaren instalazio berriak interneteko konexioa azkartzeko eta seinale ona ez duten herriko puntuetan interneta bermatzeko balio izango du. Herritar guztiei kalitatezko kultur eta kirol zerbitzuak eskaintzeko, alde batetik, Udalak Arratzuko pilotalekuan kiroldegi bat sortzeko inbertsioa planteatu du, auzokideei herrian bertan osasun fisikoa zaintzeko aukera emanez. Bestetik, Arratzuko dinamizazio turistikoa bultzatzeko, Udalak aterpe baten eraikuntza arreikusi du, Urdaibaiko Donejakue bidearen erreferente bihurtu dadin eta baita beste turista motei zerbitzua emateko ere. Bi zerbitzu hauetarako inbertsioa 20.000€koa da. Gainera, Arratzuko Udalak lantzen duen herri iraunkorraren eredua jarraituz, ingurugiroa errespetatuz, 2016ko aurrekontuak 42.000€tako inbertsioa aurreikusten du zarama biltze zerbitzua aurrera eramateko. Udal aurrekontuan herriko kirol eta kultur elkarteentzako diru-laguntzen partida mantentzen da. Horretarako, diru-kopurua 50.000 €koa da. Arratzuko ondare historiko eta kulturalari dagokionez, Santo Tomas elizaren errestaurazioa jarraitzearen alde egiten da aurten ere, elizaren sustapen eta zabalpen kultural eta turistikoa eginez.