Albisteak

 

Igaro den eguenean, apirilaren 30ean, ospatutako Arratzuko Udalaren Osoko Bilkurak 2015erako udal aurrekontuaren hasierako onespena onartu dau, 825.846€tako zenbatekoan. Herritarrei zerbitzuak bermatzeko, baliabideak optimizatzeko eta enplegua, etxebizitza eta herriko ongizatea eskeintzeko helburuagaz, erantzukizun eta arrazionalizazio irizpideetan oinarritu da udal aurrekontua. 

Arratzuko Udalak herriko gaur egungo eta etorkizuneko beharrizanei egokitutako aurrekontua prestatu dau, herrian enplegua eta ongizarte sortzearen alde eginez. Izan be, inbertsioen kapituluak aurrekontu osoaren %53a suposatzen dau. Horren barne, herrian "Landa Elkartegia" sortzearen proiektu estrategikoa. "Herrian enplegu aukerak sortzearen alde egiten dogu, batez be gazteen artean, eta garapen ekonomiko iraunkorraren alde egiteko lan espazioak sortu, gaur egungo eta biharko Arratzuren beharrizaneia egokituta. Geure Elkartegiak landa eremuko garapen ekonomikoari zuzendutakoa izatea nahi dogu, nekazaritza sektorean lehiakortasuna gehitzeari laguntzeko, nekazaritzako elikagaien sektorea dinamizatu eta baliabide naturalen transformazioagaz lotutako jarduera ekonomikoetara gazteak hurbiltzeko asmoz.", aipatzen dau Arratzuko Alkateak, Josu Olanok. Enpresa-mintegi hau sortzeko aurrekontu-saila 279.000€koa da. Arratzuko Elkartegiaren kokapena Loiola auzoan aurreikusita dago, bertan udal espazio bat erreserbatuta dauka jada.

Gainera, Arratzuko Udalak lantzen duen herri iraunkorraren eredua jarraituz, ingurugiroa errespetatuz, 2015eko aurrekontuak 8.500€ ko inbertsioa aurreikusten dau herriko bidegorri sarearen atontze lanak osatzeko.  Busturialdean erreferentea den azpiegitura da hau, mugikortasuna hobetu, bide-segurtasuna irabazi, eta Arratzu eta bere auzoak modu osasuntsu eta iraunkorrean herritarrei eta bisitariei hurbiltzearen alde eginez. Besteak beste, bankuak eta paperontzian ezarriko dira eta seinaleak jarriko dira bidegorrien sarean. 

Herrian neguko bidezaintza plana hobetzeko 2015erako aurrekontuan 2500€ko  inbertsioa zuzendu da, neguan elurrak eta izozteak errepide ta bideetan sortu dezaketen arazoak aurreikusita.  Gainera, hondakinak batzeko kamioi barri bat erostea be aurreikusten da Busturialdeko Mankomunitatearen bitartez (11.500€). Loiolan zuhaitzen basoberritzeko lanak be aurreikusi dira inbertsioetan.

Herritar guztiei kalitatezko kultur zerbitzuak eskeintzeko eta kiroldegiaren zerbitzuaren bitartez osasun fisikoa zaintzeko aukera emateko, Udalak Gernika-Lumon erroldatutak ez dauden erabiltzaileek bai kiroldegia erabiltzeko eta baita musika eskolara joateko edota euskera ikasteko ordaindu beharreko gehigarria ordaintzeko diru-laguntzak mantenduko dauz.

Udal aurrekontuan herriko kirol eta kultur elkarteentzako diru-laguntzen partida mantentzen da. Horretarako, diru-kopurua 48.255€koa da.