Albisteak

 

Arratzuko Udalak herriko ondarea kontserbatu eta balioan jartzearen alde egiten dau. Ildo honetan egindako kudeaketa laneei esker, San Pedro baselizaren teilatua barriztu dau, orain udalaren jabegokoa da.  Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiko laguntzagaz, Santo Tomas parrokiako erretaula nagusia eta albo batean dagoen Arrosarioko Andra Mariaren erretaula berritzeko lanetan laguntzen dau. Hauek ondare eta balio historiko handikoak dira. 

Arratzuko Udalak apezpikutza eta patroiekin Zubiate auzoan kokatutako San Pedro baselizaren jabego-lagapena kudeatu dau. Helburua ondare baliabide hau berreskuratu eta kontserbatzeari laguntza izan da.  Udalaren jabegokoa da orain eta Udalak baselizaren teilatua barriztu dau, honen kontserbatzioa bermatuz.  Egindako inbertsioa 30.000 € ingurukoa izan da.

Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiko laguntzagaz, Arratzuko Udalak Santo Tomas parrokiako erretaula nagusia eta albo batean dagoen Arrosarioko Andra Mariaren erretaula berritzeko lanetan laguntzen dau. Biak nahiko hondatuta daude eta bien jatorrizko balioak berreskuratuko dira.
Santo Tomas parrokiako erretaula nagusia estilo neoklasikokoa da, eta garrantzitsua da bere diseinuagatik eta bere akaberagatik. Arloko adituen ustez, Neoklasizismoaren ale nagusietako bat da, bere diseinua dela-eta (tenplete, itxituraren arkua, kolorea). Izan be, beste erretaula batzuetan jarraitu den estiloa markatu du, kasurako, Arteagakoa.
Parrokiaren albo batean dagoen Arrosarioko Andra Mariaren erretaula barrokoa da, zur polikromatuz egina, elementu hauek dituena: oinarria, kale bakarreko gorputza eta atikoa. Pedro de La Garma arkitektoak trazatu eta muntatu zuen erretaula, 1737. urtean.

Bizkaiko Foru Aldundiak berreskuratzeko lanak diruz-lagundu dau 50.000€kin, eta Arratzuko Udalak, eliztarrekin batera, 18.000€ eman dau.