Albisteak

peregrinos en bidegorri 

Arratzu mugikortasun iraunkorrean herri aitzindaria da bere bidegorrien sareari esker. Azpiegitura hau ezinbestekoa da gobernu taldeak landu egiten duen herri iraunkorraren ereduan. Mugikortasuna hobetu, bide-segurtasuna irabazi, eta Arratzu eta bere auzoak herritarrei eta bisitariei hurbiltzea Arratzuko Udalak garatu duen bidegorrien sarearen proiektuan lehentasunak izan dira. Uarka-Belendiz, Uarka-Olesko eta Olesko-Barrutia loturak zabalik daude jada eta Uarka-Loiola tarteagaz, 2015-2016rako proiektatua, Busturialdean erreferentea den mugikortasun iraunkorraren proiektu hau amaituko da.

Arratzu landa inguruan dago kokatuta %100ean. Landutako lurrek, landa berdeek, eta balio ekologiko handiko inguru naturalean barreiatutako baserriek irudikatzen dabe bere paisaia. Naturaltasuna nortasuna da Arratzun eta horregatik, Udalak oinezkoentzako eta bizikletan ibiltzeko loturak sortzearen alde egin dau, hiri garatuen parean baina bere landa izaera kontutan hartuta. Bidegorrien sarea martxan jartzeak desplazamenduak oinez edo bizikletaz egitea errazten dau, segurtasun bermeagaz eta inguru naturalean. Gainera,  kontzientzia eta kultura iraunkorra bultzatzen dau herritarren eta bisitarien artean. 

"Geure herriaren neurriko zerbitzuak eta azpiegiturak bermatzea izan da geure lehentasuna. Betiere ikuspegi iraunkorra erabiliaz, ingurumena errespetatuz eta paisaian murgildutako baliabideekaz, adeitsuak eta erabilgarriak. Trazatu dogun bidegorrien sareak helburu hori betetzen dau: geure auzoak lotu eta Arratzu, hesirik gabe, zeharkatzeko aukera emotea. Guztia pausuz pausu irisgarritasun iraunkorra lortzeko", nabarmendu dau Josu Olanok, Arratzuko Alkateak, herrian bidegorrien sarea proiektuaren bultzatzailea.

Arratzuko Udalak lan eta kudeaketa esfortzu handia egin dau mugikortasun eta iraunkortasunaren anbizio handiko proiektu hau burutzeko.  Herriko bidegorrien sareagaz, Arratzu eta bere auzoak, Gernika-Lumo eta Kortezubigaz lotzen dira. Honeri esker herriko gune nagusien arteko loturak oinez edo bizikletaz egin ahal dira. Ibilbide iraunkorra da hau, eskualdean erreferentea eta aitzindaria, ingurumena errespetatzeko kudeaketaren adibidea, etorkizuneko ikuspegiagaz.
"Bidegorrien proiektua diseinatzeko, sortzeko eta martxan jartzeko prozesua luzea eta neketsua izan da. Amaitzen den legealdi honetan, kudeaketa lan etengabea burutu dogu. Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiagaz kolaborazio hitzarmena sinatu dogu. Azken honek burutu dauz lanak eta bere laguntzari esker, Arratzu gaur, herri irisgarriagoa da. Kalidadezko komunikazio eta mugikortasun aukerak eskeintzen dira bertan, ohiko desplazamenduetarako zein aisialdiaz gozatzeko. Guzti hau nahi dogun herri iraunkorraren ereduagaz bat dator", adierazten dau Alkateak.  

Herrian mugikortasun iraunkorra garatzeko oinarrizko proiektu honen kudeaketa eta finantziazioan Udalagaz batera Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza inplikatu dira. Udala proiektuaren fase guztietan lurren kudeaketaz eta baimen administratiboaz arduratu da. Bizkaiko Foru Aldundiak 1,2, eta 3. faseetan lanen gauzatze eta zuzendaritza lanak burutu dauz. Eta Eusko Jaurlaritzak, 3.fasean lagundu dau, Leader diru-laguntzen programaren bitartez.

Arratzu, hurbilago
Olesko, Uarka, Belendiz, Barrutia eta laster be Loiolako gune nagusia lotzen dituen bidegorrien sarearen ibilbidean Arratzuko gune naturalak agerian daude. Ibilbide atsegina da hau, naturarekin kontaktuan ariketa fisikoa egiteko ideala. Gainera, herri barneko zein Gernika-Lumo eta Kortezubira egindako desplazamenduetan mugikortasun iraunkorraren alde egiten daben herritarrei zerbitzua eskeintzen deutse ibilbide honek.

Ezin da ahaztu be, Santiagoko Bidea egiten urtero Arratzura hurbiltzen diren erromesak. "Ibilbide "berde" honek, turista eta bisitari gehiago errespetuzko jarreragaz geure herrira hurbiltzea bideratuko dau. Honegaz, herritarren bizi kalitatea areagotzen duen azpiegitura eskeintzen dogu eta geure herriko ondare naturalek zein kulturalek duten garrantzia ezagutzera emoteko aukera da. Izan be, turismo kulturala eta kalidadezko turismoaren garapena bultzatu behar dogu", azaltzen dau Josu Olanok, Arratzuko Alkateak.

Ingurumenaren alde eginez
Inguru naturala errespetatu eta kontserbatzearen aldeko politika jarraituz, Arratzuko Udalak, iraunkortasuneko irizpideak nagusitu dauz bidegorrien sarea sortzeko prozesuan.

Ikusizko inpaktua gutxitzeko ibilbide osoan arboladia ezarri da eta babes barandak egurrezkoak dira. Gainera, Uarka-Olesko zatian, pizte-sistema bikoitzako farolak ezarri dira, aurrezpen energetikoaren alde egiteko eta argi-kutsadura gutxitzeko. Pizte-sistema bikoitzaren bitartez farolen kontsumoa erdira gutxitu egiten da gaueko erdiko orduetan. Goi-eragikortasuneko farolak dira, antideflagranteak eta mantentzeko errazak. 

Proiektuaren azken faseak Uarka eta Loiolako gunea batuko dauz. Lotura estrategikoa da hau, herriko ondare baliabide nagusiak auzoetara eta Gernika zein Kortezubira hurbilduz, besteak beste: Arrolagune, Arrolako kastroaren Interpretazio Zentroa, Santo Tomas Eleiza edota Udaletxea eta Herriko Tabernaren zerbitzuak. "Arratzun oso harro sentitzen gara geure bidegorrien sareagaz. Hauxe apostu gogorra izan da. Horregaz, desplazamendu iraunkorraren alde egiteko oinarriak sendotu doguz, nahi dogun herri iraunkorraren eredurako ezinbestekoak. Geure herriak irisgarritasuna, iraunkortasuna eta mugikortasuna irabaztea lortu dogu".