Noticias

 

Zer egingo dugu?
Elkar ikustea, besarkatzea, ukitzea ia ezinezkoa zaigun honetan, inoiz baino ageriago gelditu zaigu elkarren beharra daukagula: elkarrekin komunikatzeko beharra, hitz egiteko beharra. Eta horren isla da, ziurrenik, inoiz baino gehiago hitz egiten ari garela elkarrekin, bai zuzenean etxean ditugunekin, eta baita teknologiaren bitartez, lagun, ezagun eta ezezagunekin ere.

Komunikatzeko, hitz egiteko, elkarrekin aritzeko behar horren oinarrian, hizkuntza dago. Eta horri lotuta dator Euskaraldiaren koordinaziotik luzatu nahi dizuegun proposamena. Hizketaldi horietan guztietan erabiltzen dugun hizkuntzaren gainean hausnarketa egitera bideratutako proposamena, hain zuzen ere. Hau da, etxealdian erabiltzen ditugun hizkuntza-ohiturak zeintzuk diren eta ohitura horien zergatiei erreparatzea da proposamen honen xede nagusia.

Behin hori eginda, eta noiz-norekin-nola aritzen garen argi dugunean, egunerokotasuenan ohitura horiei astindu bat emateko dauzkagun zenbait aukera zabalduko dizkiegu herritarrei, ondoren aukera horiek bere egitera eta proposamen ezberdinak aurrera eramatera animatuz.

Proposamenaren oinarria, beraz, guztiontzako zabalik dagoen gonbidapena izango da: euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko gonbidapena.

Ezaugarriak
"Etxealditik Euskaraldira" proposamenaren ezaugarriak hauek dira:

  • Iraupen mugatua izango du.
  • Euskaraldia prestatzeko lagungarria izatea da asmo nagusia.
  • Hizkuntz ohituren inguruko hausnarketa bultzatzea du xede.
  • Egingarria, ez itogarria eta parte hartzeko aukerak zabaltzen dituena izango da.

Sakatu hemen informazio gehiago deskargartzeko (PDF 1,24MB)

Sakatu hemen egutiegia deskargatzeko (PDF 763KB)